DIEGO FRANCO ETA ANTONIO LOPEZ, BIDEBIETAN FUSILATUAK

Diego Franco eta Antonio Lopez, Bidebietan fusilatuak

36ko gerra hasi eta bi hilabetera, guda bukatuta zegoen Donostian, frankistek hiria hartu baitzuten irailean. Antifaxisten aurkako errepresio bortitza hasi zen orduan, eta frankistek pertsona ugari fusilatu zituzten, batez ere, 1940ra bitarte. Ordea, exekuzioak ez ziren hor bukatu, Donostiako azken fusilamenduak gerra bukatu zenetik hainbat urte pasatuta izan baitziren, 1947an: Diego Franco eta Antonio Lopez borrokalari anarkistak izan ziren azkenak, eta urte horretako apirilaren 21ean hil zituzten, Bidebietako tiro eremuan. Hurrengo ostiralean 76 urte beteko dira.

Diego_Franco_eta_Antonio_LDiego Franco Cazorlaren (eskuinean) eta Antonio Lopez Fanloren argazkiekin egindako muntaketa. (Argazkia: Oier Arribas Ciria/Beñat Parra Rodriguez)

Gaurko egunez (apirilak 14), 1931n, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten, erregerik gabeko aro demokratiko itxaropentsu bati hasiera emanez. Handik bost urtera, aldiz, milaka antifaxista kalera atera behar izan ziren errepublikaren eta demokraziaren defentsan, faxismoaren eta autoritarismoaren aurka.

Ordea, frankistek irabazi zuten, eta milaka lagunek errepresio gogorra pairatu zuten: espetxealdiak, torturak, lapurretak, umiliazioak, erbestea eta heriotza. Donostiarekin zerikusia duten errepresio kasuak (8.000tik gora) Donostia.eus/1936 atarian dokumentatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Exekuzioei dagokienez, Aranzadiko ikertzaile Miren Garciak emandako datuen arabera, Donostiarekin lotutako 587 exekuzio izan ziren 1936. eta 1947. urteen artean —Donostian exekutatutakoak (donostiarrak izan edo ez) eta hiritik kanpo exekutatutako donostiarrak—. Garciak zehaztu du datu horiek «orain arte egindako lanaren arabera ateratakoak» direla, baina ez direla behin betikoak, ikertzen dihardutelako.

Orain arteko datuak aintzat hartuta, beraz, CNT sindikatuko bi anarkista dira Donostian fusilatu zituzten azkenak: Diego Franco Cazorla, (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1920—Donostia, 1947. Amador Franco ezizenarekin ere ezaguna) eta Antonio Lopez Fanlo (Zaragoza, Espainia, 1916—Donostia, 1947), biak 1947ko apirilaren 21ean fusilatuak, Bidebietako tiro eremuan. IRUTXULOKO HITZA-k Josetxo Etxeberria Dinamita Tour egitasmoko kidearen bidez izan du Francoren eta Lopezen kasuen berri, eta nabarmendu duenez, Donostian fusilatutako azkenak ez ezik, ziur aski, Gipuzkoan eta Euskal Herrian fusilatutako azkenak edo azkenetarikoak izango dira.

Aipatu behar da Donostia.eus/1936 atarian, exekuzioen artean, apur bat beranduagoko kasu bakan batzuk daudela, baina Garciak azaldu duenez, ez dakite ziur fusilatuak izan ziren, kontrastatzeko iturriak falta zaizkielako. Halaber, gogoratu behar da horiek ez zirela izan frankismoaren azken fusilatuak, besteak beste, Aragoin eta Katalunian 1950ko hamarkadan ere fusilamenduak egin baitzituzten. Eta, beranduago ere izan ziren fusilamendu entzutetsuak, Euskal Herritik kanpo: 1963an, Julian Grimau Garcia komunista hil zuten, eta, 1975ean, Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez-Bravo eta Ramon Garcia Sanz.

diegofranco-antoniolopez

Diego Franco Cazorlaren (ezkerrean) eta Antonio Lopez Fanloren argazkiekin egindako muntaketa. (Argazkia: Oier Arribas Ciria/Beñat Parra Rodriguez)

Pasaian ez, Bidebietan

Etxeberriak Josep Lluis Facerias borrokalari antifaxista ezagunaren inguruko liburu bat irakurtzen izan zuen Francoren eta Lopezen berri: «Aipatzen zen falangista talde batek bi militante fusilatu zituela Pasaian, eta anarkisten blog batean ere gauza bera aipatzen zen. Ez nuen inoiz ezer entzun kasuari buruz, eta atentzioa eman zidan. Azkenean, Xabier Erauskinek, CNTko memoria historikoaren arduradunak, esan zidan bi militante horien gerra kontseilua zeukatela. Horrela, Erauskinek azaldu zidan ez zituztela Pasaian fusilatu, Bidebietan baizik, hori jartzen baitu gerra kontseiluan». 600 orrialdetik gorako gerra kontseilua da, Etxeberriaren hitzetan, «oso zehatza eta zabala, segur aski, heriotza zigorra ezarri zietelako».

Aranzadik eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak (Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundea) ere badaukate gerra kontseilua, Ferrolgo (Galizia) IV. Lurralde Auzitegi Militarretik ateratakoa. Hain zuzen ere, Donostia.eus/1936 atarian gaur egun badaude Franco eta Lopez, eta Bidebietan fusilatu zituztela jartzen du.

ondarreta

Ondarretako espetxea, 1940ko hamarkadan. (Argazkia: Pascual Marin/Kutxateka)

Bukaerara arte borrokan

Etxeberriak gerra kontseiluko informazioa eta Gipuzkoako CNTren bidez lortutakoa baliatuta berregin du Francoren eta Lopezen istorioa. Nabarmendu duenez, CNTko borrokalari anarkista sutsuak ziren, «azken muturreraino koherenteak» izan zirenak.

36ko gerran Durruti zutabean borrokatutakoa zen Lopez, eta Roja y Negra zutabean borrokatutakoa Franco. Biak militante garrantzitsuak ziren, Etxeberriaren hitzetan: «Diego da anarkisten munduan ospetsuena, baina, nire ustez, Antonio da indartsuena. Izan ere, dokumentazioan ikusten da ardurak izan zituela Durruti zutabean. Hau da, ez ziren edonor».

Frankistek guda irabazi zutenean, bi militanteek muga pasatu eta Frantziako erresistentzian parte hartu zuten. Francoren kasuan, Euskal Herriarekin lotura duen bitxikeria bat dago. Izan ere, muga zeharkatzean, euskal herritar ugari jaso zituen Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparrura eraman zezatela eskatu zuen, euskal herritarra zela esanez. «Ez dakigu zer harreman izan zuen Euskal Herriarekin, baina hori eskatu zuen», dio Etxeberriak.

Bidebietako_tiro_eremua

Bidebietako tiro eremua, 1929an. (Argazkia: Martin Ricardo/Kutxateka)

Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Francok eta Lopezek mugaren beste aldean jarraitzen zuten, baita borrokan jarraitu ere: «Noizean behin muga zeharkatzen jarraitzen zuten, euren gauzak egiteko: zerga iraultzailea kobratzen zieten enpresariei, ekintza batzuk egiten zituzten, propaganda banatzen zuten, eta abar». Ordea, 1946ko uztailean, Guardia Zibilak harrapatu zituen, Irunen: «Muga pasatzean, guardia zibilek gelditu egin zituzten, eta maletak irekitzeko esan zieten. Diru pila bat ikusi zuten eta aduanara joateko esan zieten. Ordea, bi hauek pistolak atera zituzten, guardia zibilei aurre egiteko. Tiroketa izan zen, eta guardia zibil pila bat agertu ziren. Saiatu ziren berriz mugaren beste aldera pasatzen, baina ez zuten lortu, eta atxilotu egin zituzten».

Gainean zeramaten guztia zehazten da gerra kontseiluan: «Pistolak, propaganda eskuorriak, kautxuzko zigiluak, dokumentazio faltsua, 30.000 pezeta, Frantziarekin harremanetan egoteko irrati txiki bat eta gailua erabiltzeko jarraibideak, gutun pertsonalak, eta abar. Irratia erabiltzeko jarraibideak gerra kontseiluaren barruan daude, baina erdi puskatuta, Etxeberriaren arabera, atxiloketaren momentuan Franco puskatzen saiatu zelako: «Ordea, guardia zibilek harrapatu zuten, kendu zioten, eta zatiak itsatsi zituzten». Halaber, eter pote bat ere bazeramaten, eta horren inguruko hipotesi bat dauka Dinamita Tourrekoak: «Kloroformoaren antzeko zerbait da eterra, eta, ziur aski, bahiketak egiteko zeramaten. Hala ere, CNTkoek ere ez dakite zer misiorekin zeharkatu zuten muga».

allende

Bidebietako tiro eremua zegoen tokian Salvador Allende parkea dago orain. (Argazkia: Beñat Parra)

Bestalde, diruaren inguruko bitxikeria bat ere kontatu du Etxeberriak: «CNTkoek esan zidaten segur aski diru faltsua izango zela. 30.000 pezeta dirutza zen orduan, eta gerra kontseiluan aipatzen da guardia zibilek 700 pezeta utzi zizkietela euren beharretarako, baina, ziur aski, guardia zibilek diru kopuru hori lapurtu zieten, eta gainontzekoa estatuak konfiskatuta geldituko zen».

Horrela, Ondarretako espetxera eraman zituzten, eta han egon ziren ia urtebetez, torturak pairatzen: «CNTren bidez jakin dut beste militante bat, Raul Caballeira Lacunza, bisitan joan zitzaiela 1946ko abenduan, Francoren lehengusua zela esanez. Eta, ikusi zuen ikaragarri torturatuta zeudela. Hain zuzen ere, exekuzioaren data maiatzaren 1erako zegoen aurreikusita, baina bietako bat horren larri zegoen, fusilamendua aurreratu egin zutela». Etxeberriaren arabera, gerra kontseiluko deklarazioetan nabaritzen da torturatuak izan zirela, denbora aurrera joan ahala, gauza gehiago kontatzen dituztelako.

Gerra kontseiluak epaiketaren nondik norakoak ere jasotzen ditu: «Epaiketa militarra zenez, defentsako abokatua ere militarra zen, eta bitxia bada ere, abokatua saiatu zen Diego eta Antonio libratzen. Agian pantomima izango zen, dena aurretik idatzita egon ohi delako horrelakoetan, baina bitxia da». Azkenean, matxinada militarra egotzita ezarri zieten heriotza zigorra, nahiz eta El Diario Vasco egunkariak apirilaren 23an argitaratutako informazioak zioen guardia zibilei indarrez aurre egin zieten bide lapurrak zirela.

polloe

Garai batean Polloeko hilerriko hobi komuna zegoen eremua, gaur egun. (Argazkia: Beñat Parra)

1950eko abenduan, Antonio Oiartzabal Garmendia Txiki mugalaria atxilotu, bi militanteak muga zeharkatzen lagundu izana leporatuta sumario berean auzipetu, eta hamabi urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zioten.

Horrela, apirilaren 21eko goizeko bost eta erdietan Ondarretako kartzelatik atera zituzten, Bidebietara bidean, eta seietan militar talde batek fusilatu egin zituen; Pascual Puente Careaga mediku kapitainak egiaztatu zituen heriotzak. Exekuzio gehien-gehienak 1940. urtearen aurretik izan baziren, ordea, zergatik ezarri zieten heriotza zigorra bi anarkista horiei? «Frankistek euren hausnarketak egiten zituzten, eta ikusiko zuten hauek garrantzitsuak zirela CNTn, fusilatuz gero mina egingo ziotela erakundeari», nabarmendu du Dinamita Tourreko kideak.

Polloeko_hilerria___Hezurt

Polloe hilerriko hezurtegi orokorraren eremua. (Argazkia: Beñat Parra)

Gerra kontseiluan zehaztuta dago Polloeko hilerriko eremu zibileko nitxo jakin batzuetan lurperatu zituztela Franco eta Lopez, hain zuzen ere, frankistek hildako 400 bat pertsonaren gorpuzkiak zituen hobi komunaren inguruan. Ordea, dagoeneko ez daude hor: «Txikitatik, Polloeko hilerrira joaten ginenean, amak beti esaten zidan, ‘hemen gorrien hobia dago’. Handik urte askora, egun batean hilerrira joan nintzen, eta ikusi nuen eremu hori guztia aldatuta zegoela. Orduan, lagun batek eta biok hilerriko langile bati galdetu genion hobi komunaren inguruan. Eta, esan zigun azken erreforma egin zutenean hondeamakina sartu zutela, eta hor zegoen guztia hezurtegi orokorrera bota zutela. Francoren eta Lopezen kasuan, identifikatuta zeuden, eta erregistratuta dago zein nitxotan sartu zituzten. Aldiz, CNTko Xabier Erauskin joan zen hilerrira eta ez zeuden. Hau da, erreformarekin, handik atera zituzten guztiak, eta hezurtegi orokorrean sartu zituzten, beste milaka gorpuzkirekin».

Hezurtegi orokorrean, aipatu gorpuzki horiek guztiak ez ezik, bestelako gorpuzki ugari daude (panteoia ordaintzeari uzten dioten sendienak, eta abar), eta, beraz, oso-oso zaila litzateke Francoren eta Lopezen gorpuzkiak identifikatzen saiatzea. Hala ere, «bi hauek zein hobi komunekoek ez al dute merezi plaka bat gutxienez?», gaineratu du Etxeberriak. Izan ere, ez dute inolako oroigarririk euren omenez, eta gizartea «halako borrokalariekin zorretan» dagoela nabarmendu du Dinamita Tourrekoak.

gerra-kontseilua

Francoren eta Lopezen gerra kontseiluaren hainbat pasarte. (Iturria: Josetxo Etxeberria)

Militantearen betaurrekoak

«Istorio triste honen barruan, bada pasarte polit bat», kontatu du Etxeberriak: «Fusilamenduaren ondoren, Pasaiako militante batzuek lortu zuten Bidebietako tiro eremuan sartzea, eta Francoren betaurrekoak aurkitu zituzten. Horrela, haren senideei bidali zizkieten, L’Hospitalet de Llobregatera [Bartzelona, Herrialde Katalanak]».

Guardia Zibilak 1968an hildako Txabi Etxebarrieta etakidearen betaurrekoekin antzeko zerbait gertatu zen, eta ikonikoak dira bere betaurrekoak gaur egun. Horregatik, bi kasuen antzekotasunak aintzat hartuta, «militantearen betaurrekoak jartzeko» garrantziaz mintzo da Dinamita Tourreko kidea, «bidegabekeriaren aurrean isilik egon ez gaitezen». Izan ere, 76 urte pasatu badira ere, Etxeberriak nabarmendu du Francoren eta Lopezen istorioa ez dela iraganeko zerbait: «Gaurkotasun handia dauka gaiak: bi hauek borrokalari antifaxistak ziren, eta faxismoa itzultzen ari da».

Donostiako exekuzioak (1936-1947), Aranzadiren datuen arabera

EPAIKETAZ KANPOKO EXEKUZIOAK (477)

  • Donostian jaioak: 74 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
  • Donostiako bizilagunak: 196 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
  • Donostian jaioak eta bertako bizilagunak: 59 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
  • Donostian exekutatuak, donostiarrak izan gabe (ez jaioak eta ez bizilagunak): 148.

EXEKUZIO SUMARISIMOAK: HERIOTZA ZIGORRA (110)

  • Donostian jaioak: 24 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
  • Donostiako bizilagunak: 61 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
  • Donostian jaioak eta bertako bizilagunak: 15 (hirian exekutatuak batzuk eta hiritik kanpo beste batzuk).
  • Donostian exekutatuak, donostiarrak izan gabe (ez jaioak eta ez bizilagunak): 10.
Share