DURRUTI, EUSKAL ODOLEKO ANARKISTA

JOSEBA AURKENERENA
Gar_josebaaurkenerena_urruna_gfauveau01
DURRUTI, EUSKAL ODOLEKO ANARKISTA

IRITZIA- Buenaventura Durruti anarkista ospetsuak euskal odola zuen, aitatxi Aiherratik Espainiako Leonera lan egitera eta bizitzera joana baitzen. Gazte-gaztetik langileen borrokari atxikia eta anarkistekin lerrotua, ekintza ainitzetan ibilia eta 1936an Espainian izan zen altxamendu faxistari armekin aurre egin ziona.

2020/10/23 | IRUZKIN 1

Durruti izena aipatzea eta anarkismoa burura ekartzea gauza bera dira, XIX. mendeko bukaeran sortutako gizon honek sekulako borroka egin baitzuen langileriaren alde, bai bake garaian ezkerreko mugimenduaren gora-beheretan eta ekintzetan parte hartuz eta bai geroago, 1936eko gerran, Espainian izan zen altxamendu faxistaren aurkako erresistentzia armatuan. Haren deiturak salatzen duen bezala, euskal jatorrikoa zen, arbasoak, aitaren aldetik, baxenafarrak zituen, Aiherrakoak.

1.- Durrutiren arbaso euskaldunen berri

2014ko irailaren 7an, Mikel Asurmendik biziki artikulu interesgarria plazaratu zuen Argia aldizkarian. Aipatu artikuluan Durrutiren euskal jatorriaz aritu zen, ezezagunak zitzaizkigun datuak emanez. Artikuluan aipatzen zuenez, Durrutiren familiakoa den Xabier Martin deustuarra eta Baionan bizi den Xabier Elosegi ikertzaile tolosarra izan omen ziren artikulu hori egin ahal izateko informazio zehatza eman ziotenak.

Informazio horren arabera, Laurent Durruti Etxegarai Nafarroa Behereko Aiherra herrian jaio zen 1842. urtean, Sarrigainea izeneko etxean, eta zortzi anai-arreben artean zazpigarrena zen. Gazte zelarik, Espainiako Leonera joan zen lan egitera. Zergatik? Hori da oraindik garbi ez dagoen afera. Kontua da, jakin badakigula, hogeita sei urterekin Leonen larrugile lanetan aritzen zela. 1865ean, Leonen, Josefina Malkorrekin ezkondu zen eta Jakes Egiagarai izan zen ezteiaren lekuko ofiziala. Ez dakigu zehazki nongo familia zen Malkor abizenekoa, baina bai Iparraldekoa zela. Xabier Elosegik Lapurdiko Ahetze herrian, deitura hori oso zabalduta dagoela erraiten digu.

Laurent Durrutik eta Josefina Malkorrek lau seme-alaba izan zituztela dirudi, gehiago izan baitaitezke ere. Santiago izeneko semea Anastasia Dumanguerekin ezkondu zen eta Leongo Santa Ana langile auzoan bizi izan ziren, pobre, garaiko langileen antzera. Lanbidez trenbideetako langilea izan zen. 1931n bertan zendu zen. Datu hauek guztiak Xabier Elosegik aipatu artikuluan emandakoak dira, nik lerro hauetara ekartzen ditudanak. Durruti-Dumangue familiak zortzi seme-alaba munduratu zituen. Buenventura Durruti, gure pertsonaia, bigarren izan zelarik.

2.- Durrutiren haur eta gazte urteak

Buenaventura Durruti Dumangue, Leonen sortu zen 1896ko uztailaren 14an. Haur eta gazte urteak jaio zen auzo pobrean, Santa Ana langile auzoan, bizitzen eman zituen, gurasoen etxean. Zortzi urte betetzean, La Misericordia kaleko eskolara bidali zuten. 1903an izan zen Leonen bederatzi hilabete iraun zuen greba, horren ondorioz, Ricardo Fanjul-eko eskolara joaten hasi zen. Hamalau urte zituela, ikasketak utzi eta mekaniko gisa lanean hasi zen, iraultzaile ospea zuen Melchor Martinez sozialistaren tailerrean. Harekin ainitz ikasi zuen, bai mekanikaz eta bai sozialismoaz. Bi urteren buruan, tailerra utzi eta meategietatik ateratako mineralak garbitzen zituen lantegira sartu zen.

1912an, aitaren eta Melchor Martinezen eraginez, Buenventura Durruti UGT sindikatu sozialistaren sarekoa zen Metalurgikoen Batasunean afiliatu zen. Dena den, ez zuen esperientzia hau gehiegi maitatu, haren ustez sozialismoa moderatuegia zelako. Ikatz garbitegietako instalatzaile lanetan ari zela, kalapita handiak izan ziren langileen eta ingeniarien artean. Buenaventura liskar haietan ibili zen buru-belarri, eta ingeniariak enpresatik igortzea lortu zuten. Hortik aitzina guardia zibilak gibeletik ibili zitzaizkion.

1917an, UGT sindikatu sozialistak bultzatutako eta CNT sindikatu anarkistak lagundutako greba orokor iraultzaile batean parte hartu zuen. Hor ibili ziren, Durruti barne, lokomotorak erretzen, trenbideak altxatzen, eta horrelako ekintzak sustatzen. Ondorioz, lantegitik bota zuten eta baita sozialistek ere erradikalegia eta iraultzaileegia zelakoan. Orduan Asturiasko Gijon herrira jo zuen, eta bertan bizi zela, anarkisten ideietara gero eta gehiago hurbildu zen.

3.- Borroka iraultzailean bete-betean

Asturiasko anarkistekin batera egindako ekintzen ondorioz, Frantziara ihes egin behar izan zuen. 1919an, klandestinoki muga pasatu zuen eta Asturiaserantz abiatu zen CNT-ren hainbat ekintzatan parte hartzera. Hainbat kalapita izan ondoren, Galiziarantz abiatu zen eta bidean zihoala guardia zibilek zuten atxilotu. Desertorea zenez, Donostiara eraman zuten, eta bertan gerra kontseilu bat egin ondoren, kartzelan sartu zuten. Espetxean denbora motza egin zuen, ihesari ekin baitzion, eta mendiz muga pasatu ondoren Frantzian erbesteratu baitzen.

1920an estatu espainolera itzuli zen, Gipuzkoatik barna, eta Euskal Herriko anarkista famatuak ezagutu zituen: Suberbiola, Del Campo, Aldebaldetreku, Ruiz… eta haiekin batera era guztietako ekintzetarako prestaturik zegoen Los Justicieros (Justiziazaleak) izeneko taldea osatu zuen. Garai hartan, Espainiako Alfonso XIII.a zen erregea, eta Donostiara, Kursaal Handia izeneko kasinoaren inauguraziora joatekoa zen. Justiziazaleen helburua erregea hiltzea bazen ere, ezin izan zuten ekintza burutu, polizia espainiarrak, taldearen xedea ezaguturik,  Durruti, Suberbiola eta Del Campo atxilotu baitzituen.

Gerora, Justiziazaleen taldeak izena aldatu zuen, eta Crisol izen berriarekin, ekintza berriak antolatu zituzten langileen interesen aurka aritzen ziren nagusi edo patroien aurka egiteko. 1922an Los Solidarios izeneko talde berria antolatu zuten enpresaburuek ordaindutako talde paramilitarren aurka jotzeko. Horietan guztietan buru-belarri ibil izen Buenaventura Durruti.

1924an, Espainiako erregeak eta Primo de Rivera diktadoreak Parisera joatekoak ziren. Solidarioek atentatu bat prestatua zeukaten biak hiltzeko, baina polizia frantsesak, hori jakinki, Durruti eta bi libertario gehiago atxilotu zituen. Laster, Espainiako Gobernuak hiru anarkisten estradizioa eskatu zuen. Epaitegietan, Lecoine abokatu ospetsuak anarkistak defenditu zituen, eta 1927ko uztailean indultua eman zieten.

1931ko apirilaren 14an, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten eta Durruti Espainiara itzuli zen. Orduz geroztik, sortu berria zen FAI (Federazio Anarkista Iberiarra) izeneko erakunde anarkistan aritu zen.

4.- 1936ko altxamendu faxista

1936ko uztailaren 18an, espainiar faxistak errepublikaren kontra altxatu ziren. Anarkistak armatzen hasi ziren eta berehala kalera atera ziren matxinada armatu faxistari aurre egitera. Horien buru, eta beste libertario famatuekin batera, Durruti ibili zen. Uztailaren 21ean errepublikak miliziak modu ofizialean antolatu zituen, eta CNT erakunde anarkistaren milizien buru Oliver, Arens eta Durruti ezarri zituzten. Berehala, Durrutik bere zutabe armatua antolatu eta Zaragoza hiria hartzera abiatu zen.

Zaragozako bidean, Caspe herria hartu zuen, eta ondoren inguruetako beste hamar bat herri inguru. Durrutiren zutabeak herri bat hartu ondoren, berehala nekazarien kolektibitateak sortzen zituzten bertan. Horrela, Aragoi aldean, 450 kolektibitate inguru sortzen lagundu omen zituen.

1936ko urrian faxistak Madrilera iritsi eta hiriburua inguratzen hasi ziren. Arriskua eragozteko, azaroaren 15ean, Durruti eta 1800 miliziano Madrilerantz abiatu ziren. Anarkistek defenditu behar zuten frontea arrunt arriskutsua zenez, laster hasi ziren milizianoak, banan-banan hiltzen. Horrela, azaroaren 18an 1800 gizon horietatik bakarrik 700 gelditzen ziren bizirik.

Azaroaren 19an, Durrutiren milizianoak Ospitale Klinikoa erasotzeko prestatu ziren. Horretan ari zirela, eguerdiko ordu-bat aldera, bala galdu batek Durruti kolpatu zuen bularrean. Ospitalean artatu zuten arren, 1936ko azaroaren 20an, goizaldeko lauetan zendu zen.

5.- Jakes Lafitteren Durruti pastorala

Jakes Lafitte idazle lapurtarrak berrogeita bi jelkaldiz osaturiko Durruti pastorala plazaratu zuen 2016ko maiatzean, Baionan egiten den Maiatz literatur aldizkariaren 62. zenbakian. Batueraz idatzia da, eta bertan Buenaventura Durruti anarkista süjeta moduan harturik, haren bizimodua eta garaiko langile borrokak dakarzkigu gogora. Badu narrazio labur bat hastapen gisakoa. Lehen paragrafoan Durrutiren bizitza eta ibilerak kontatzen dizkigu eta bigarrenean Durrutiri buruzko gogoeta ederra egiten digu. Honatx:

“Batzuentzat fanatiko utopikoa edo gaizkile hutsa zelarik, haren balentriak eta matxinadak Iberiako herri xehearen itxaropenak bilakatu ziren. Haren ekintzak Espainiako estatutik kanpoan gertatu ziren: Frantzian, Belgikan, Hego Amerikan. Europako anarkista askorekin ukan zituen harremanak. Durrutik eta bere kideek aurkezturiko asmoak oso aurreraturik ziren XX. mendearen testuinguruan. Gaur egun zabaltzen den neoliberalismoaz ohartuz gero eta ezkerraldeko alderdiak, sozialista historikoak bereziki, gero eta erreformistagoak bilakatzen ari direla konturatu ondoren, garai hauetako anarkisten asmoak eta ekintzak aztertzea ona litzateke.Pastoral tankerako antzerki luze hori ildo horretan abiatzea izan da nire xedea.”

Eta bigarren paragrafoaren bukaeran eskerrak ematen dizkio lehen aipatu dugun Xabier Elosegi ikertzaileari, berak iradoki ziolako Durrutiri buruzko pastoral bat idaztea, eta horrez gain, era guztietako dokumentuak eskuratu zizkiolako. Baina pastoralera itzuliz, ikus dezagun hainbat pasarte.

Bosgarren jelkaldiaren bukaeran bigarren kantua dugu, Chicho Sanchez Ferliosoren Hor dator Durruti, izenekoa. Itzulpena eta moldapena Jakes Lafitterenak dira: Hor dator Durruti gutun bat eskuan, / herriaren miseria dakarrena. / Hor dator Durruti liburu bat zakuan,/ kapitalak suntsituak dakarzkiena. / Hor dator Durruti, lagunak atzetik, / langileen gurak nagusiei aurkeztu nahiz. / Soldaduei aginduz irten kuarteletik, / hor dator Durruti paper bat edukiz. / Hor dator Durruti hutsik duela moltsa, / langile ta nekazariak agurtzen ari. / Hor dator Durruti eskuan duela Legea, uko eraginez goiko maisu guztieri.

Eta azken predikuan honako bertsetak irakur daitezke: 390.- Ikusle maiteak, bukatzen da gure trajeria; / borrokalari batena izan da, Durrutiren bizia. // 394.- Madriletik Bartzelonaraino gorputza zuten eraman; / berrehun lagun zirela, lurperatu Monjuic hilerrian. // 395.- Haren etsaiek fanatiko hutsatzat zutela jotzen, / jende prestuek zuten harengan idealista bat ikusten. // 399.- Durrutik bost axola ziolarik agintaritzari, / Franco beti prest garaitzeko min eginez herriari. // 400.- Orduan hasi zen Iberiako nazio eta herrientzat / berrogei urteko diktadura kaltegarri denentzat. // 401.- Durrutiren asmoak eta borrokak eredugarri bitez / gaur goraka doalarik kapitalismoa indarrez.

Beraz, bada zer irakurri eta zertaz goza Jakes Lafitteren pastoralean. Baditu pastoral gehiago idatzirik eta Maiatz aldizkarian plazaraturik, hiruzpalau oker ez banago, horietako bat Dolores Ibarruri Pasionaria adoretsuari eskainitakoa. Agian, nonbait eta noizbait jokatuko dituzte. Ez legoke batere gaizki, Durrutik eta Pasionariak hori eta gehiago merezi baitute.

Share